Materialen Zientzia eta Teknologia

MZT Logo

Aurkezpena

Gizakiaren historia mendekatzen duen materialen arabera sailkatzen da: Harri Aroa, Kobre Aroa, Brontze Aroa, Burdin Aroa… Honek adierazten du materialek gizartearen garapenean izan duen garrantzia.

Nahiz eta bitartean zenbait teknologia berri, oso eragingarri, sortu ziren, elektrizitatea edo elektronika, gaur egungo garapena berriro dago materialei lotuta: polimeroak, konpositeak, zeramikoak edo aleazio metaliko berriak, estaldura sintetikoak, lur arraroak eta abar.

Ibilbide historikoaren gertakizunak direla eta, nahiz eta 1935 eta 1936an argitaratu ziren “Pisia” eta “Kimia”, lehenengo euskarazko liburuak, aita Gabirel Jauregi karmeldarrak idatziak hiztegi teknologikoa sortuz, ez zen izan 70eko hamarkada arte teknologiaren hizkuntza beharrak konpondu nahian lehenengo erakundeak sortu zirela, Elhuyar, Udako Euskal Unibertsitatea, UZEI; hala eta guztiz ere, unibertsitatean euskaraz klaseak ematen hasi ziren irakasleak, orain jubilatzen ari direnak, hiztegi teknikoa sortu beharrean aurkitu ziren.

Azken 50 urteotan hainbat saiaketa egin da zientzia-pertsona eta teknikari euskaldunak biltzeko, beraien artean amankomuneko interesak euskaraz jorratu ditzaten; alde batetik, ez daitezen bakarrik sentitu lan horretan, eta bestetik, hiztegia partekatu dezaten eta finkatzen joan dadin, euskara aberastu asmoz.

Mondragon Unibertsitateak 2012an Materialen Zientzia eta Teknologia I kongresua antolatu zuen Arrasaten; ehun bat ikertzaile elkartu ziren, unibertsitateetakoak, zentro teknologikokoak, enpresetakoak, eta ekintzak jarraipena izan du, bi urtetan behin erakunde desberdin batek hartzen duelarik bere gain kongresua antolatzea.

Taldearen helburua, Materialen Zientzia eta Teknologia arloko ikertzaileak elkartzea eta euskarazko hiztegia finkatzea, beste bide bat aurkitu du: UZEIrekin batera kongresuetan erabiltzen den hiztegia aztertu eta ingelesezko baliokideekin lotzen da, gero itzulpen hauek Euskampus-en zein hiztegi teknologikoan sartuz, corpus berria sortuz.

2018an Materialen Zientzia eta Teknologiaren Batzorde Zientifikoak sari bat sortzea erabaki zuen. Sari honen asmoa da euskara teknikoa sustatzen, irakaskuntza teknikoa euskaraz eskaintzeko baliabideak sortzen edota gai teknikoetan euskararen erabilera normalizatzen nabarmendu diren pertsonak aintzatestea.

Batzordea


Batzorde Zientifikoa

Borja Erice Echávarri Mondragon Unibertsitatea eta Ikerbasque
Maider García de Cortazar Aguirrezabal Tecnalia-BRTA
Íñigo González de Arrieta UPV/EHU
Rikardo Hernandez Leartiker-BRTA
Amaia Iza Mendia CEIT-BRTA eta Universidad de Navarra, Tecnun
Andoni Lasheras UPV/EHU
José Ramón Leiza Polymat, UPV/EHU
Faustino Mujika Garitano UPV/EHU
Jose Maria Rodriguez Ibabe
Idoia Urrutibeascoa Irala

Kongresuak


Azken kongresua (Bilbo,2024)
MZT 2023


MZT VI. kongresua (2024)
Mondragon Unibertsitatea (Bilbo)

PDF-14,5 MB

 

Aurreko edizioak (2021, 2018, 2016, 2014 eta 2012)
MZT V. Kongresua (2021)
Tecnalia-Euskampus (Bilbo)

PDF-38,1 MB

MZT IV. Kongresua (2018)
Ceit-Ik4 (Donostia)

ZIP-47 MB

MZT III. Kongresua (2016)
Leartiker (Markina-Xemein)

ZIP-14.9 MB

MZT II. Kongresua (2014)
Polymat, EHU (Donostia)

PDF-36.6 MB

MZT I. Kongresua (2012)
MU (Arrasate)

PDF-28.9 MB

Gabirel Jauregi Saria




AITA GABIREL JAUREGI SARIA

2018an Materialen Zientzia eta Teknologiaren Batzorde Zientifikoak sari bat sortzea erabaki zuen. Sari honen asmoa da euskara teknikoa sustatzen, irakaskuntza teknikoa euskaraz eskaintzeko baliabideak sortzen edota gai teknikoetan euskararen erabilera normalizatzen nabarmendu diren pertsonak aintzatestea.

Sariari aita Gabirel Jauregi izena eman zion.

Gabriel Jauregi, Gabirel idazten zuen berak, 1895ean Aramaion jaio eta 1945ean hil zen karmeldarra da. Bizitza irakaskuntzan eman zuen, eta argi ikusi zuen euskarak iraungo bazuen, hiztegi teknikoa behar zela, eta hala, hitz horiek sortzeari ekin zion. 1935ean Pisia izeneko liburua argitaratu zuen (guk Fisika deitzen duguna), eta 1936an, Kimia (Kimika). Gerrate zibilak eta osteko diktadurak ez zioten utzi idazten ari zen hirugarrena argitaratzen, Izadi-iztia (Natura-zientziak).

Bere lexikoa zaila eta arrotza egiten zaigu gaur egun, baina itzulpenean proposatzen zituen soluzio gehienak baliagarriak dira: kontuan izan behar da oso garai garbizalean bizi izan zela, eta gainera, ez zegoen hiztegi edo iturri askorik kontsultatzeko, beraz, neologismoak sortu beharrean izan zen.

Hauek dira orain arte sarituak izan diren pertsonak:

2024 Fernando Plazaola Muguruza

Fernando Plazaola Legorretan jaio zen 1958an eta bizitza osoa eman du materialen fisika euskaraz lantzen. Helsinkiko Unibertsitate Teknologikoan egindako lanari esker defendatu zuen tesia EHUn 1986an eta euskarazko itzulpena ere argitaratu zuen. Euskal Herrira itzuli ostean, han landutako teknika esperimentalak hemen ere garatu ditu; batez ere, positroi-deuseztapenaren karakterizazioa. Gaur egun, irakasle katedraduna da eta MIMASPEC ikerketa-talde kontsolidatuaren Ikertzaile Nagusia ere bai. Gainera, EHUko Ikerketa errektoreordea (2008-2016) eta unibertsitateko jarduneko errektorea izan zen ia sei hilabetez, errektorea ordezkatuz, gaur egun Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa ere bada, 2018tik.

Fernando pertsona oso ezaguna da euskarazko zientzia arloan eta zenbait merezimendu dauka sari hau jasotzeko. Sari honen helburua kontuan hartuta, materialen zientziaren arloan euskaraz egin dituen ekarpen nagusienak azpimarratuko ditut:

2021 José Mari Rodríguez Ibabe

José Mari Rodriguez Ibabe 1984an hasi zen ikertzaile-prestakuntza doktorego-tesiarekin; ondoren, gaur egun CEIT deritzon zentro donostiarrean hasi zen lanean, bai eta Universidad de Navarra-ko Industria Ingeniaritzako Goi Eskolan irakasle elkartu gisa ere. Nazioarteko erreferente bilakatu zen altzairuen esparruan eta urteak igaro ahala, bere bi interesak (teknologia eta euskara) uztartuta Elhuyarren hasi zen lanean. 2002an, Elhuyar Fundazioaren patronatuko lehen presidentea izan zen. Eusko Ikaskuntzaren Argitalpen Kontseiluko presidentea izan zen eta Jakiunderen kide osoa ere bada. Azken urteotan Materialen Zientzia eta Teknologiako batzorde kidea eta Industria Ingeniaria Eskola eta CEIT Ikerkuntza Teknikoen Zentroko Presidentea izan da 2023ra arte.

Bere ekarpenak askotarikoak izan dira, euskaraz argitaratutako bost unibertsitate-liburu eta dibulgazio-artikulu ugari. Terminologia teknikoa ezartzen lan handia egin du, hainbat hiztegirekin kolaboratuz. Bere ekarpenetatik azpimarratzekoa da, Euskara lan mundura (1997) dokumentua, Tere Barrenetxea (Elhuyar) eta Andrés Arizkorretarekin (CAF) batera idatzitakoa. Dokumentu horrek lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko eman beharreko urratsak definitzen ditu.

2018 Antxon Santamaria Ibarburu

Antxon Santamaria Fisika eta Erreologiako irakaslea izan da 1976tik UPV/EHUn, euskaraz zein gaztelaniaz, eta Fisika Aplikatuko katedraduna erretiratu arte. Erreologiako ikertzailea, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko zuzendari ohia, Donostiako Kimika Fakultatean lehen euskarazko klaseak eman zituen, Luis Maria Bandres bertako idazkari izendatzearekin batera.

Euskaraz idatzitako hainbat liburu eta irakasgaietarako materialaren egile da: Materialen Zientzia eta Teknologiaren II. Kongresua (2014), Erreologia. Teoria eta praktika (1994), Erreologiaren hastapenak (1984), Kimika hiztegia 1, 2, 3, 4 (1980), eta Erreologia I, II (2003, 2005) beste hainbat egilerekin batera. Elhuyar eta Ekaia aldizkarietan artikulugile izan da, baita hizlaria ere hainbat ikastarotan, Udako Euskal Unibertsitatean, esaterako. Euskaraz idatzitako zenbait doktorego tesiren zuzendari ere izan da.

Polimeroen erreologiaren inguruan egindako ikerkuntza-lanek izan duten oihartzunagatik eta euskarazko goi mailako irakaskuntzan egindako ahalegin itzelagatik, Batzorde Zientifikoko kide guztien erabateko adostasunez, Antxon Santamariak merezimendu osoz jaso zuen Gabirel Jauregi Saria 2018an.




Baliabideak




Baliabideak